IZARRAK UKITU GENITUEN. Gabonetako oparia.

On: jueves, diciembre 23, 2021 Comment: 0 Hit: 2276

Hemen dira Gabonak eta honekin batera gure hitzik berezienak zuretzat. Gabonak urtero-urtero gehien maite dituzunen ondoan atseginez biltzea opa dizugu. Gabon hauek bakea, maitasuna eta poza izan daitezela guztiontzat. Eguberriak zure bihotzeko amets guztiak betetzen lagun diezazula, urte berriko egun bakoitzerako poza ekar diezazula eta zure bizitzaren parte diren pertsona bereziekin partekatu dezazula hori guztia.

Partekatzeko eta maitatzeko garaia da.

Guk oparitxo txiki bat egin nahi dizugu Riccardo Gazzanigaren eskutik. Familia artean irakurtzeko istorio labur, baina hunkigarri baten zatitxo bat dakarkizuegu. Ricardo Gazzaniga idazleak, ahots indartsu, gozo, epiko eta hunkigarriarekin 14 istorio kontatzen dizkigu bere liburuan: “Izarrak ukitu genituen”. Istorio hauen protagonistek, beren hautu ausart eta borrokarako gaitasun izugarriarekin erakusten digute kirolak mundua alda dezakeela giza balio garaienen bozeramaile bihurtzen denean.

“Eraman ditzagun txapeldun hauen indarra eta adorea gure bizitzako eguneroko jokaera txikietara. Agian ez dugu dominarik irabaziko, baina gu ere txapeldunak izango gara.”

JERMAIN ETA BRADLEY

Bradley Lowery Sunderlandeko Stadium of Light deituriko estadioko aldagelan sartu zenean, ia inork ez zuen ikusi.

Gainera, Bradley ume txiki bat zen. Bost urte bakarrik zituen. Baina erabakita zegoen. Bazekien noren bila zebilen eta aurkitu nahi zuen.

—Non dago Jermain? –galdetzen du ilerik gabeko mutikoak, ez oso beldurtuta, bere kromoen artean gustukoena bezala bakarrik ikusi duen aurpegi baten bila.

Gero txoko batean ikusten du.

—Jermaaaain! –egiten du oihu zoriontsu eta korrika doa Jermain Colinengana: hogeita hamalau urte, futbol britainiarreko aurrelari indartsu eta adintsuenetako bat, Premier League-aren historiako zazpigarren goleatzailea 150 gol baino gehiagorekin, gehi selekzio nazional ingelesaren elastikoarekin sartutako 27 gol.

—Zapata berriak dauzkat! –esan zion Bradleyk iritsi bezain azkar, eta Defoek besoetan hartzen du. Mutikoak futboleko bota gorri zoragarriak erakusten dizkio.

Jermainek orduan jaitsi egiten du, baina ez da bidaltzeko.

—Utzi ikusten zer dagoen idatzita zure elastikoan –dio, bizkarra jiratzen diolarik, atzeko Bradley izena ikusteko.

Biak hizketan daude, Jermainek sinatu egiten du Bradleyren elastikoa, bularrean, eta beste horrenbeste egiten dute bere lagun guztiek. Orduan Bradley zelaian sartzen da Sunderland taldearekin, txapeldunekin berotu eta korrika eginaz.

Nahiz eta oso gaixorik dagoen.

Hain zuzen, urte eta erdi bakarrik zeukala Bradleyri tumore larri bat diagnostikatu zioten: neuroblastoma bat.

Nerbio-sistemako gaixotasun bat, nahi gabeko funtzioak kontrolatzen dituzten estrukturei eragiten die, hala nola bihotzaren taupadei, arnasketa edo digestioari. Horregatik gaixotasuna gorputzeko alderdi desberdinetan garatu daiteke: Bradleyren kasuan bularrari, birikei eta nodulu linfatikoei eragin die.

Ebakuntza egin zioten, kimioa eman diote eta, denbora batean bazirudien Bradleyren gaixotasuna atzeraka zihoala. Baina Stadium of Lighteko gau hau baino hilabete batzuk lehenago iritsi zen minbizia itzuli eta oraingoan irtetea oso zaila izango zela zioen berria.

Jermain Defoek ere badaki.

“Iritsi baino lehen esan zidaten oso-oso gaixo zegoela. Beraz, ahul eta abailduta aurkitzea espero nuen, baina energia asko zeukan eta korrika etorri zen nigana. Umeak, batzuetan, lotsatiak izaten dira: autografo bat sinatzen diezu eta ezin dute ezta hitz egin ere eta gurasoek aurrerantz bultza egiten diete. Baina Bradley ez zen horrelakoa, leherketa bat bezala zen. Bitxia izan zen, betitik elkar ezagutu izan bagenu bezala. Gau hartan zelaira eraman nuen, eskutik hartuta”.

Baina ez zen gau bateko gauza izan, egunkariekin partekatzeko alaitasun une bat, denak pozik publizitate onarekin eta gero bakoitza bere bidetik.

Agian hori espero zitekeen Jermainengandik, bere gol ugariengatik urteetan ospetsua izan den golegile bat, baina ez hori bakarrik: Defoe, sarritan, prentsa sentsazionalistako artikuluen erdigunean egon zen bere gau-bizitzagatik eta askotan izan dituen neska polit askorengatik, eta, horregatik, bere talentu handia alferrik galduko ote zuen beldur zegoen, beste txapeldun batzuk bezala, goizegi lehertu zirenak eta bere kirol-balentriengatik baino gehiago zelaitik kanpo egindakoengatik ospetsu egin zirenak.

Baina Jermain orain gizon heldu bat da.

“Gaztea zarenean futbolean bakarrik pentsatzen duzu, eta agian ez duzu gainontzekoa kontuan hartzen eta ulertzen. Futbolari gisa, zeure buruari esaten diozu: “Hori da egiten dakidan guztia: baloi bat ostikatzea”. Maite duzuna eta beti amestu duzuna da. Baina zahartu ahala, konturatzen zara beste gauza batzuk gertatzen direla munduan. Talde handietan eta nire herrialdearentzat jokatzeko zortea izan nuen, eta konturatu nintzen zein boteretsua den futbola, eta erabiltzean, beste pertsona batzuen bizitza ukitu dezakezula”.

Defoek bere taldeko langileei ume horren gaixotasunari buruzko informazio gehiago eskatzen die. Sentitzen du Bradley ahal bezainbat ikusi nahi duela, ez bakarrik ekitaldi publikoren batean, beraz bere gurasoekin harremanetan jarri eta etxean bisitatu dezakeen galdetzen die.

Erantzuna, noski, baiezkoa da.

Adiskidetasun horrek umearengan daukan eragina harrigarria da. Bradley familiak esaten dio Jermaini, elkartzen diren aldi bakoitzean, badirudiela umeak indarra eta energia biltzen dituela, minbiziak eta minek oinazetzen duten arren.

“Bradiri begiratu eta pentsatzen nuen: hau ez da justua. Sekula ez du bizitza bat edukitzeko aukerarik izan. Horrek ikusarazten dizu egiatan garrantzitsua zer den. Bizitzan futbola baino gehiago dagoela”.

JARRAITUKO DU...

Jermain eta Bradley-ren istorioa nola bukatzen duen jakin nahi izanez gero, "Izarrak ukitu genituen" liburuari aukera bat ematea gomendatzen dizugu. 

Gabon zoriontsuak eta urte berri on!




In Same Category

Related by Tags

    Comments

    Leave your comment