“Egia esan kili-kolo nago. Atseden hartu behar dut. Ni ez naiz amore ematekoa, baina oraingoan umila izan behar naiz eta esan: ezin dut gehiago, ezin dut gehiago. Nire gorputza eta unibertsoa esaten ari zaizkit: gelditu behar duzu”.
Hauek izan ziren Veronica Forque aktorearen azken hitzak TVEko “MasterChef Celebrity” sukaldaritza saioa utzi aurretik.
Aktorearen suizidioak osasun mentalaren garrantzia foku mediatikoan jarri du berriro. OMEk (2000a) dioenez, suizidioa ez da berez gaixotasun bat, ezta nahitaez gaixotasun baten agerpena ere, baina buru-nahasmenduak suizidioarekin lotutako faktore oso garrantzitsuak dira.
Nahiko argi eta ukaezina dirudien gauza da suizidioen indizeak gora egiten duela modu kezkagarri eta etengabean azken aldian, batez ere gazteen artean. Judithi depresioa, antsietatea eta egokitze-nahasmendua diagnostikatu zizkioten 11 urterekin.
"Suizidioaren gaia egunero, gauero pentsatzen nuen” gogoratzen du orain 18 urterekin.
Haren testigantza Save the Children erakundearen azken txostenean jasota dago. Txosten horretan, GKEak ondorioztatu du Espainiako 4-14 urte bitarteko adingabeen arteko buru-nahasteak hirukoiztu egin direla 2017tik. Zehazki, buru-nahasmenduek 4 eta 14 urte bitarteko haurren eta nerabeen %4ri eragiten diete gaur egun; 2017an, berriz, %1,1i baino ez. Erraza da nerabeen jokabide oldarkorraz, substantzien kontsumoaz eta familia-harremanetako arazoez hitz egite; hala ere, argudio oso pobreak dira suizidioaren eta jokabide autolesiboen gorakada argi eta garbi hori “justifikatzeko”.
Garrantzitsua da gizartean suizidioaz esplizituki hitz egitea, galdetzeko beldurra galtzea eta suizidioa gaixotasun mentalarekin bakarrik lotzeari uztea.
Helburu horrekin dakarkizuegu “Atzean uzten dudana” Alison McGhee idazlearen eskutik. Liburu honetan Will, 16 urteko gaztea, Los Angeleseko kaleetan zehar paseo luzeak egiten hasi zen gertakari latz baten ondoren. Ibiltzen den bitartean, Willi bere bizitzako une jakin batzuk etortzen zaizkio gogora, atzen utzi nahiko lituzkeen arren.
Dena pikutara joan baino lehenagoko lekuetatik aldentzen da, oroitzapen tristez beteta daudelako. Baina unibertsoak ustekabeko norabide-aldaketak ekarriko dizkionean, Willek toki horietara hurbiltzen hastea erabakiko du.
Idazlea, hainbat sari eta salmenta handiko lanak lortu ondoren, bere atsekabea gainditzen saiatzen den mutiko baten istorioarekin datorkigu. Liburu eder hau, ehun hitzeko ehun kapitulu ederretan dago kontatuta.
Comments
Leave your comment